Landa Garapenak jarduera-protokolo bat aurkeztu du nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan eta elikagaien industrian koronabirusari aurre egiteko

Lehen sektorearentzako jarraibide eta gomendioak ematen ditu, elikagaien horniduran osasungarritasuna eta segurtasuna bermatzeko

Elkarbanatu

Elkarbanatu

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak “Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan eta elikagaien industrian koronabirusari (Covid-19) aurre egiteko protokoloa” prestatu du. Dokumentu irekia da, koronabirusaren bilakabidearen arabera gomendio edo jarraibide berriak jasoko dituena.

Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eman du protokoloaren berri, gaur goizean eginiko prentsaurrekoan. Gómezek adierazi duenez, “herritarrentzako elikagaien hornidura bermatu beharreko funtsezko jarduera da, bereziki oraingo osasun-larrialdian, eta horregatik jarraibideak eta gomendioak eman behar zaizkie lehen sektorean diharduten pertsonei, ustiategiei eta enpresei”. 

“Larrialdi-egoera honetan”, azpimarratu du Itziar Gómezek, “herritar guztientzako elikagai-hornidura ezinbesteko zerbitzuetako bat da, funtzionamendurako oinarrizko zutabeetako bat, eta krisi honek berriz oroitarazi digu zein garrantzitsua den lurra lantzen duten, abereak hazten dituzten eta elikagaiak egiten dituzten profesionalak izatea gure erkidegoan”.
Protokoloa Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuarekin batera landu da, eta Osasun Departamentuaren oniritzia jaso du.

Osasuna, kontrola eta hornidura bermaturik, eta ekarpenak jasotzeko irekia

Kontseilariak protokoloaren helburuak azaldu ditu: pertsonen osasuna bermatzeko neurriak inplementatzea, birusaren zabalkundea kontrolatzea, eta agintariek gomendatutako edo ezarritako neurri sozialekin bat etortzea. Kontseilariak nabarmendu du bereziki funtsezkoa dela herritarrek elikagaiak jasotzen jarraituko dutela ziurtatzea, “oinarrizko eta ezinbesteko zerbitzua ematen jarraitzeko, eta lehenbailehen normaltasunera itzultzeko behar den erresilientzia emateko, eta inpaktu ekonomiko larria saihesteko”. 

Horretarako, dokumentuak jarraibideak ematen ditu hainbat alderdi garrantzitsuri dagokienez: ustiategien eta enpresen sarbideetan kontrola, langileen higienea, materialak eta instalazioak garbitzeko eta desinfektatzeko prozedurak, eta entitateen barne-antolaketarako neurriak. 

Horrez gain, kontseilariak azpimarratu du protokoloa dokumentu irekia dela, eta gehitu eginen zaizkiola beharrezkoak suertatzen diren neurri eta gomendioak. Izan ere, haren edukia sektoreko eragileen iradokizunekin eta ekarpenekin osa daiteke, krisi honek dirauen bitartean.

Departamentuaren Zirkularra pertsonen mugimenduaz eta elikagaien garraioaz

Halaber, kontseilariak informazioa eman du pertsonen mugimenduaz eta elikagaien hornidurarako garraioaz Departamentuak zabaldutako Zirkularrari buruz.

Zirkularrean adierazita daude Alarma Egoera ezartzen duen Errege Dekretuaren arabera kontua izan beharreko neurriak. Horrez gain, zehaztu egiten da zein prozedura erabili beharko duten sektoreko operadoreek, beren jarduera justifikatzeko informazioa lortze aldera, bai nekazaritza-ustiategien kasuan bai ustiategian bertan zuzeneko salmenta egiten duten operadoreenean.   

Bi dokumentuak, protokoloa eta zirkularra, sektoreko antolakundeen eta kooperatiben esku daude jada.

Sektoreari aitortza

Agerraldian, Gómezek espresuki aitortu ditu nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorearen presentzia eta jarduera –nekazariena eta abeltzainena-, baita elikadura-katean parte hartzen duten pertsona guztiena ere. Sektore hori, gogorarazi duenez, “ezinbesteko zerbitzuetako bat eta funtzionamendurako oinarrizko zutabeetako bat da larrialdi-une honetan”.

 

ITURRIA: Nafarroako Gobernua

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org