“Liburua baratzeari buruzko oinarrizko entziklopedia bat da”

Jakoba Errekondo paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa da. Duela lau urte argitaratu zuen ‘Bizi baratzea. Garaian garaikoa garaiz eman eta hartu’ liburua eta berriki gaztelerazko argitalpena aurkeztu du (Vive la Huerta). Iruñean egon da baratzezaintza ekologikoaren inguruko hainbat argibideak ematen eta abentura horretan murgildu nahi duten hasiberrientzat eta baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenentzat ere. Landareen eta ilargiaren eraginari...

Elkarbanatu

Elkarbanatu

Jakoba Errekondo paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa da. Duela lau urte argitaratu zuen ‘Bizi baratzea. Garaian garaikoa garaiz eman eta hartu’ liburua eta berriki gaztelerazko argitalpena aurkeztu du (Vive la Huerta). Iruñean egon da baratzezaintza ekologikoaren inguruko hainbat argibideak ematen eta abentura horretan murgildu nahi duten hasiberrientzat eta baita dagoeneko lehen urratsak eginda dituztenentzat ere. Landareen eta ilargiaren eraginari buruzko zalantzak argitzeko saioa hartuko du. NNPEK liburuaren kolaboratzailea da.

Zer bildu duzu 'Vive la huerta' liburuan?

Lau urte igaro dira Bizi Baratzea atera genuenetik eta orain itzultzea erabaki dugu. Liburua da baratzeari buruzko oinarrizko entziklopedia bat. Baratzean lanean hasi nahi dutenentzat oinarrizko jakintza azaltzen da: zer da lurra, ura, landareak nola funtzionatzen duten, argiak zer lana duen, tratamendu naturalak, ilargiaren eragina, zer diren gaitzak eta izurreteak etab. Horrez gain, egutegi orokor bat dago landare bakoitza noiz landatu jakiteko. Bigarren zatian, barazki bakoitzari buruzko fitxa bildu dut eta bertan landarearen historia, nola hasi ginen lantzen edota nola jaten den ageri da. Zeintzuk diren landare horren oinarrizko premiak eta lanak noiz egin behar diren bildu dut. Hau da, noiz erein, noiz landatu, zer-nolako tartearekin jarri, zeinen ondoan landatu, uzta noiz eta nola jaso.... Amaitzeko trikimailuak atala dago. Bertan landare bakoitzerako kontu oso bitxiak eta oso bereziak  jasotzen dira.

Ibilbide luzea egin du euskarazko liburuak. Zergatik erabaki duzu orain itzultzea?

Jendeak eskatzen zuen; gazteleraren munduan ez dagoela horrelako tankerako libururik. Jendeari asko gusatu zaio Bizi Baratzea eta pentsatzen dugu ere  harrera ona izango duela gaztelerazko bertsioa. Asmo horrekin egin dugu Espainia aldean ere zabaltzeko.

Gero eta interes handiagoa dago baratzegintzan?

Baratzearekiko grina aspaldi piztu zen eta gero eta nabarmenagoa da. Ez da baratza bakarrik. Gure bizitzaren kalitatea nola lotzen dugu elikadurarekin, elikadura burujabetza, bertakoa, osasuna, horri buruzko kezka orokorra dago eta horrekin lotzen dut baratzarekiko interesa. Bakoitzak bere etxean balkoian edo terrazan jar dezake baratza eta baita ere daude herri baratzak eta baratza komunitarioak. Oso positiboa da.

Udaberrian gaude eta dagoeneko uda ate joka dago. Sasoi onena baratza jartzeko?

Uda barazkiak jateko sasoi onena da. Orain sasoi onena da landatzeko, berandu xamar baldin bada ere. Uda hasieran landatuko ditugu  neguko barazkiak, uztaila aldera. Orain jarri behar genituzke udan eta udazken hasieran jateko asmoa ditugunak. Hau da, babarrunak, letxugak, tomateak, piperrak, berenjenak... horiek guztiak jarri behar ditugu, beranduenez, orain. 

Elikagai ekologikoen alde egiten duzu. Zergatik?

Bai, dudarik gabe, elikagai ekologikoen alde egiten dut. Ekologikoa dela esan nahi du arau bat betetzen duela. Gure osasunerako onenak dira, jaten dugun produktu horren kalitatea ona delako. Garrantzitsua da gure gorputzari zer-nolako kalitateko elikadura sartzen diogun, eta gero baita ere ingurumenaren kalitatea. Horrez gain, kontuan izatekoa da nola zaintzen dugun lurra, arnasten dugun airea eta edaten dugun ura. Inportanteena seguruenik da gure ondorengoi zer-nolako lurra uzten diegun. Horregatik zalantzarik gabe egiten dut ekologikoen alde. Kalitatezko nekazaritzaren alde.

Bertakoari lotuta eta betiko jakintzari lotuta?

Bai, eta bertakoa bi zentzutan. Hurbilekoa eta sasoikoa. Orain sagar bat jaten baldin badugu, jakin behar dugu lehengo urteko urrian edo irailean bildu zela. Orain momentuko fruituak baditugu. Ordun, ea zer ari garen egiten. Horrez gain, ez da berdina jaten dugun letxuga Iruñekoa edo Murtziakoa den. Garraioaren kutsadura kontutan izan behar dugu.

Norentzat idatzi duzu liburua?

Edozein pertsonarentzat idatzi dut, baratzean eskarmentua dutenentzat eta ez dutenentzat. Hasi nahi duenak topatuko ditu oinarrizko kontuak eta dabilarentzako kontu bereziagoak daude, argiaren eragina edota trikimailuak, adibidez. Nahiz eta zuk jakin beti dago ikasteko aukera, eta aberasten du liburuak. Gainera, euskarazko argitalpena baino osatuagoa dago. Lau urte pasa dira eta orain  gauza gehiago dakizkigu.

 

 

 

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org