CPAEN/NNPEKek kanpaina bat jarri du abian Nafarroako elikagai ekologikoak zerbitzatzen dituzten establezimenduak sustatzeko. Bilatzaile berri bat du, etxetik hurbil elikagai ekologikoak dituzten establezimenduak bilatzeko.
Deskonfinamenduaren 1. fasean sartzen gara, eta horrekin hasiko da ekonomia mantso martxan jartzen, horrek ere ekoizpen ekologikoan eragina izango duelarik. Aurreko fasean, produktu ekologikoak dituzten dendek ez dute jarduera gelditu, ekoizpen ekologikoko ustiategi askotako elikagaiak jendearen eskura jarri dituzte, eta ekoizle txiki askorentzat ohikoak diren salmenta-kanalen galera arintzen lagundu dute.
Alarma eta konfinamendu egoerak tokiko merkataritzaren eta merkataritza ekologikoaren errealitatea aldatu du, baita kontsumo-ohiturak ere, eta erosketa asko Internetera eta supermerkatu handietara bideratu ditu. Hori dela eta, CPAEN/NNPEKek kanpaina bat jarri du abian Nafarroako herrietako herri eta auzoetako merkataritza txikiari prestigioa ematen laguntzeko, merkatariei ahotsa emanez eta bezeroekiko harremana sendotzen eta leialtzen lagunduz.
Gogora dezagun denda horiek Nafarroako biztanle askok etxetik oso hurbil dituztela: ia ehun denda, ekodenda, belar-denda, harategi, ardotegi, fruta-denda eta kontsumitzaile elkarteez ari gara, besteak beste. Saltoki horiek, gainera, ekoizle askorentzat beren ekoizpena aurrera ateratzeko aukera bakanetako bat dira.
https://www.navarraecologica.org/eu/gastronomia-eta-dendak bilatzaile berriaren bidez, kontsumitzaileek beren etxetik gertu produktu ekologikoak saltzen dituztenak, etxez etxeko banaketa egiten dutenak, eskaera- eta banaketa-metodoak, ordutegiak... aurkitu ahal izango dituzte.
Kanpaina, Navarra Ecológica/Nafarroa Ekologikoa-ko Facebook, Twitter eta Instagram Sare Sozialen bidez egingo da. Honetan, merkatariei hitza emango zaie, esker oneko mezuak helaraziko dituztelarik. Kanpainaren mezua, beraz, eskerrak ematea izango da, eta, hala, gizarteak duen zeregina onartzea. Izan ere, gizarteak, bere erosketa-erabakiekin, mundua eralda dezake tokiko eta hurbileko merkataritzan kontsumituz, tokiko ekoizpenaren alde eginez, auzoetako eta herrietako bizitza soziala merkataritzaren bidez hobetuz eta ingurumena errespetatzen duten elikagai ekologikoak, lokalak eta sasoikoak aukeratuz.
Ekologikoa aukeratzen baduzu, guztiok irabaziko dugu.
Gure saltokietan erosteagatik, mila esker.
Planeta eta gu zaintzeagatik, mila esker.
Sasoiko elikagaiak aukeratzeagatik, mila esker.
Tokikoa kontsumitzeagatik, hurbileko merkataritzan, mila esker.
Hemengo ekoizleei laguntzeagatik, mila esker.
Gure herri eta auzoei bizia emateagatik, mila esker.
Ekologikoa erosteagatik, mila esker.
Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org