Miriam Otxotorena: “Beharrezkoa da tokian tokiko baserriko nekazaritzaren alde egitea”

Miriam Otxotorena abeltzaina da eta bere 300 ardiekin Axuribeltz gazta ekologikoa egiten du, Iturgoienen, Gesalatzen. Orain dela lau urte hasi zen era profesionalean gazta ekoizten ardi latxekin. Berarekin hitz egin dugu artzaina izatearen lanbideaz, bere bizimoduaz eta emakume abeltzainen egoeraz. Noiz hasi zinen gazta ekologikoak egiten? Orain dela lau urte hasi nintzen gaztak lantzen. Ikasketa handia izan da eta gutxika-gutxika aurrera egiten ari gara....

Elkarbanatu

Elkarbanatu

Miriam Otxotorena abeltzaina da eta bere 300 ardiekin Axuribeltz gazta ekologikoa egiten du, Iturgoienen, Gesalatzen. Orain dela lau urte hasi zen era profesionalean gazta ekoizten ardi latxekin. Berarekin hitz egin dugu artzaina izatearen lanbideaz, bere bizimoduaz eta emakume abeltzainen egoeraz.

Noiz hasi zinen gazta ekologikoak egiten?

Orain dela lau urte hasi nintzen gaztak lantzen. Ikasketa handia izan da eta gutxika-gutxika aurrera egiten ari gara. Urtero gazta apur bat gehiago ekoizten dugu, salmentak ikusi eta gutxika gaztaren zaporea, itxura zein kontu teknikoak ikasten ditugu.

Argi zenuen ekologikoan ekoiztu nahi zenuela?

Bai, abeltzaintzarekin hasi nintzenean argi nuen ekologikoan izan behar zuela. Uste dut garrantzitsua dela lan eginen dudan ereduan ekologikoa izatea.

Zenbat buru dituzu?

Guztira, 300 buru, horietatik asko ardi latxak dira. Eskatu izan didate gazta nola egiten den erakustea eta batzuetan ikastaroak eta tailerrak eman ditut. Egia da jende baten partetik interesa dagoela mundu honetan, bereziki elikadura eta landa eremuan kontzientziaturik daudela, herrien etorkizunaz kezkatuta. Baina badaude bi mutur, eta beste pertsona askori ez zaie interesatzen nondik datozen elikagaiak.

Iturgoienen bizi zara eta bertan dituzu argiak. Argi zenuen landa eremuan bizi nahi zenuela?

Ni Iruñekoa naiz, baina momentu batean erabaki nuen Iturgoienera joatea. Orduan han bizi nintzen baina Iruñera joaten nintzen lan egitera. Seme-alabak izan nituenean herrian geratzea erabaki nuen eta pentsatzen hasi nintzen zer nolako bizimodua egin. Niretzat bideragarriena lehenengo sektorea zen eta horregatik zaldi-aziendarekin hasi nintzen; gero ekarri nituen ardiak eta gaztari ekin. Landa-turismoa ere badaukat.

Nolakoa da Nafarroako landa eremuko emakumeen egoera?

Landa eremuan gero eta gizon eta emakume gutxiago gaude. Lehenengo sektorean gero eta jende gutxiago dago. Egoera berdina da gizon zein emakumeontzako eta gaur egun sustatzen ari diren politikek eta ereduek herritik kanporatzen gaituzte. Diru-laguntzetan aldaketarik ez badago, baserritarrek hemendik joan beharko dugu. Pentsatu behar dugu zer-nolako eredua nahi dugun herrietan, ingurugiroan pentsatu eta baita elikaduran ere.

Emakumeoi maila handiko nekazaritza honek ez gaitu mesederik egiten, nekazaritza eredu horrez kanpo uzten gaituelako. Izan ere, emakumeak nekazaritzan lotura handiagoa du abeltzaintza estentsiboarekin, esplotazio txikiekin. . Nekazaritza areagotzen den heinean emakumeak ez du parte hartzen eredu horretan.

Gainera, emakumeak ez badu aurkitzen bere bizimodu ekonomikoa aurrera ateratzeko aukerak herrian, familia joan egiten da. Horregatik garrantzitsua da landa eremuan emakumeentzako lan postuak sortzea eta abeltzaintza eta nekazaritza ereduak iraultzea. Ustiategi intentsiboak utzi eta txikiaren, bertakoaren alde egitea.

Beharrezkoa da ere emakumeen lana ikusgai egitea?

Bai, askotan bigarren maila batean gelditzen delako. Horrez gain, beharrezkoa da emakumeen parte hartzea erraztea behar dituzten zerbitzuetan. Familia eremuko lan asko egiten dute emakumeek, eta orduan gure jarduera ekonomikoa herrietan egiteko beharrezkoa da zerbitzu eta erraztasun minimo batzuk: zainketa, haurtzaindegiak, medikuak, eskolak.... Badakigu ekonomikoki ez direla izanen errentagarriak baina behar-beharrezkoak dira zerbitzuak eta eskatu behar ditugu hemen jarraitzeko. Bestela, hirietara joanen gara guztiok. Gaur egungo politikek horretara eramaten gaituzte.

Apustua, hortaz, landa eredu jasangarri eta berdintasunezko baten alde egitea da.

Bai, baina horretarako politiken aldaketa egon behar du. Urteak daramatzagu politika berdinekin, aldaketak egiten dira baina praktikan ez dira aldaketak. Aktiboak galtzen jarraitzen ditugu, emakumeak galtzen, ustiategiak galdu ditugu eta geratzen direnak oso handiak dira eta emakume gutxirekin. Egia da gero eta jende gutxiago animatzen dela nekazaritzan erraztasunik ez daudelakok. Bat egitea errazagoa litzateke apustu eta laguntzak egotekotan tokian tokiko baserriko nekazaritzaren alde. Bakarrik esportazioez ari bagara eta ez badugu merkatu lokalaz hitz egiten, makinak behar ditugu pertsonen ordez. Horregatik gaude pertsona gutxi. Modu berean, pentsatu behar dugu elikagai horien kalitatea eta ingurumenaren zainketa. Dena dago lotuta.

Bilatu

Kategoria zabalduenak

Artikuluak dataren arabera

Buletina

Izena eman!

Harpidetu!

Ez galdu azken istorio eta promozioak

jakin nork sortzen duen ECO

Guztia ziurtagiri ekologikoari buruz

Jarraitu gaitzazu!

Egunean egoteko

Av. Serapio Huici, 22 - 1ª Planta. Edificio de Peritos 31610 Villava (Navarra) | Tel-Fax: 948 17 83 32-948 25 66 42 | cpaen@cpaen.org